
GOIENETXEREN HANDITZE LANAK MARTXAN
ESKAINTZA SOZIOLABORALA ETA LEHIATZEKO GAITASUNA HOBETZEKO GUREAK-EK HANDITZE LANAK EGINGO DITU BERE EGOITZA NAGUSIAN
Donostiako Berio auzoan dagoen GUREAKen egoitza nagusia handitzeko eta birmoldatzeko lanak hasi berri dira. Lan horien helburua hirukoitza da: GUREAK taldeak azken urteotan egiten ari den prestakuntzaren aldeko apustuaren beharrei erantzutea; industria-plantaren lehiakortasun gaitasuna hobetzea; eta ekoizpenekoak ez diren espazioak eguneratzea, hala nola, atsedenlekuak, jantokiak eta abar.
Obrek bi fase izango dituzte, lehenengo faseak 16 hilabeteko iraupena izango du eta Berioko instalazioak birmoldatu eta zabalduko dira. Alde batetik, espazio ez-produktiboak hobetzeko inbertituko da, hala nola atsedenguneak, jantokiak, familientzako arreta guneak, bilera-gelak eta abar. Halaber, espazio berriak sortuko dira Zabala Social LAB programarako, garapen pertsonal eta sozialerako zeharkako programa, Okupazio Zerbitzuari lotua. Espazio horiek hobetzearen helburua zerbitzuetan eta erosotasunean irabaztea da, desgaitasunen bat duten pertsonen ongizatean zuzenean eragingo baitu. Izan ere, une honetan 400 pertsona inguru ari dira industria-jardueretan lanean GUREAKeko instalazio nagusietan; horietatik % 90ek desgaitasunen bat du, eta 160 baino gehiago Zerbitzu Okupazionalekoak dira, Gipuzkoako Foru Aldundiaren gizartezerbitzuen parte dena eta lankidetza hitzarmen baten bidez garatzen dena. Zerbitzu bateratu horren esparruan, lanek Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izango dute, 2019-2022rako "dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako enplegu-zentro berezien sarea egokitzeko" lankidetza-hitzarmenaren barruan.
Lehiatzeko gaitasuna areagotuz
Industria-merkatuak gero eta ekoizpen planta konplexu eta lehiakorragoak eskatzen ditu. Berioko egoitza produktu elektriko-elektronikoetan espezializatuta dago, eta balioproposamenaren oinarria da bezeroei GUREAKek ekoiztutako teknologiak osatzen dituzten moduluak edo funtzioak eskaintzea. Gaur egun, Berioko lantegian automobilgintza, energia, confort-hogar, mobility edo osasuna bezalako sektoreentzat lan egiten da. GUREAKen berezko produktu multiteknologiko industrializatu horien bilakaerak, espazio moderno eta eraginkorrak beharrezkoak ditu hainbat faktoreri erantzuteko, besteak beste, ingurumen-kontrolari, tenperaturari edo hezetasunari. Beraz, espazio horiek egokitzea erabakigarria da enpresaren posizionamendurako eta balio erantsi handiagoa duten proiektu berriak esleitzeko. Gainera, hobekuntza horiek desgaitasuna duten pertsonei zuzendutako lanaren eta zerbitzuaren kalitatean ere eragingo dute.
Prestakuntzaren aldeko apustu irmoa Lanen bigarren fasea 2021. urtearen amaieran hastea aurreikusten da, eta 3.000 m2ko eraikin berri bat egingo da, GUREAKen prestakuntza- eta gaikuntza-programa guztiak zentralizatzeko. Eraikinak IOME izena izango du, Iñigo Oyarzabal Mujika Eraikina, 2018an hil zen GUREAKeko zuzendari nagusiaren omenez. Eraikinaren baitan desgaitasunen bat duten pertsonentzako hainbat programa garatuko dira, besteak beste, oinarrizko LH egokitua, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren itunpeko ikastetxe homologatu gisa 2019-2020 ikasturtean hasi zena. LH oso praktikoa da eta lan-mundura bideratuta dago, horrez gain, ikaskuntza aktiboko eta sareko laneko metodologiak erabiltzen ditu.
IOMEn, halaber, laneratu aurreko prestakuntza- eta gaikuntza-ikastaro ugari emango dira, desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko, batez ere, laguntza-premia handiagoak dituzten pertsonei zuzenduta.
14 ira. 2021