
Oinarrizko lanbide heziketako diploma banaketa ekitaldia ospatu da
Gureakeko oinarrizko lanbide heziketako diploma banaketa ekitaldia ospatu da. Ekitaldian 2018-2020 eta 2019-2021 promozioetako 22 ikasleren diplomak banatu dituzte. Bertan parte hartu dute Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordeak, Asier Vitoria GUREAK taldeko zuzendari nagusiak, Ainhoa Askasibar GUREAK Itineraryko zuzendariak eta irakasle, ikasle eta senideak.
2018an, oinarrizko Lanbide Heziketa abian jartzearen aldeko apustua egin zuen GUREAKek, mundu guztiarentzat irisgarri izango zen formakuntza, baita adimen desgaitasuna duten pertsonentzat ere. Ikasturte horretan proba pilotu bat egin zen eredua testatzeko, eta hurrengo ikasturtean 2.000 orduko prestakuntza teoriko-praktikoa abian jarri zen bi espezialitatetan: merkataritza-zerbitzuak eta administrazio-zerbitzuak.
Hasiera-hasieratik helburua argia zen: ikaskuntzan eta aukeretan aberatsak diren ibilbideak eskaintzen jarraitzea desgaitasunen bat duten pertsonentzat, bereziki laguntza-premia handien dituzten pertsonentzat, haien behar eta interesei erantzunez garatu daitezen, bai sozialki, bai profesionalki ere.
Asier Vitoria GUREAKeko zuzendari nagusiak adierazi duen bezala, balorazioa oso positiboa da, “gaur 22 ikasleri ematen dizkiegu diplomak, baina egun 55 ikasle daude gure ikasgeletan, 26k praktikak egin dituzte eta lehen promozioaren laneratze-tasa %70ekoa da”. Vitoriak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren lankidetza eta inplikazioa balioetsi du, “nire eskerrik beroenak eman nahi dizkiet Jokin Bildarratz sailburuari eta Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordeari, erakutsitako jarrera, laguntza eta gertutasunagatik”.
Bere hitzaldian, Bildarratz sailburuak harro egoteko eguna dela esan du, bereziki gaur arratsaldean diplomak jasoko dituzten ikasleak. Gainera, Bildarratzek Hezkuntza Sailaren eta GUREAken arteko lankidetza balioan jarri du.
Ainhoa Askasibar GUREAK Itineraryko zuzendariak azaldu duenez, Lhko eskaintzak GUREAKen misio eta ikuspegiarekin bat egiten du, “gure helburua ibilbide pertsonalizatuak eta pertsona bakoitzaren beharretara egokituak eskaintzea da, eta zentzu horretan, egokitutako LHk aukera berriak irekitzen dizkigu eta lan-merkaturako zubi berriak sortzen laguntzen digu.”
Ekitaldian parte hartu dute, halaber, Gala Aldasorok eta Alberto Orejak, administrazioko eta merkataritzako espezialitateetako ikasleak. Gaur egun, Construcciones Muriasen eta Endanean ari dira lanean, hurrenez hurren eta prestakuntza urteetan izandako esperientzia kontatu dute, baita lan mundura egindako jauzia ere.
Ekitaldiaren erdialdean ikasleak izan dira protagonistak eta diplomak jaso dituzte Eusko Jaurlaritzako eta GUREAKeko ordezkarien eskutik.
Zigor Sagardui, GUREAKeko prestakuntza arduraduna, pozik agertu da emaitzekin, “gaur gurekin dauden gazteek gogor lan egin dute eta oso harro gaude lortu duten emaitzarekin. Urte hauetan ulertu dugu kalitatezko irakaskuntza indibidualizatu bat etorkizunaren bermea dela, eta gaurko ekitaldia horren isla da”.
13 urr. 2021